Ingurumen-hezkuntza, gure bizitza- eta kontsumo-ohituretan aldaketak sustatzeko
Eduardo Ochoa de Aspuru Biologia Zientzietan doktorea da, Arriskuen Prebentzioko goi-mailako teknikaria, eta Gasteizko Egibide ikastetxeko Ingurumeneko koordinatzailea. Eskolak ematen ditu Ingurumen Hezkuntza eta Kontroleko eta Kalitatea Aztertzeko eta Kontrolatzeko Laborategiko LHko Goi Mailako Heziketa Zikloetan. 30 urte baino gehiago daramatza irakasle gisa lanean, eta haietatik 25 Ingurumen Kudeaketari eta Jasangarritasunerako Hezkuntzari eskaini dizkio.
Funtsean, zergatik heldu behar diogu ikastetxeok Ingurumen Hezkuntzari?
Krisi ekosozial sakon batean murgilduta gaude, eta larrialdi klimatikoa eta biodibertsitatearen galera haren ondorio bistakoenetako bi baino ez dira. NBEren Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu Arteko Taldeak bere azken txostenean dioenez, ez dago zalantzarik klima-aldaketak giza jatorria duela eta oso bizkor ari dela areagotzen: uholde izugarriak gertatzen dira, inoiz izan ez diren muturreko tenperaturak izaten ditugu, eta lehorteak eta suteak suntsitzaileak dira.
Parisko Akordioan ezarritako 1,5 °C-ko berotze-maila betez gero, etorkizuneko aldaketa guztiak txikiagoak izango lirateke, eta errazago egin ahal izango genieke aurre. Zenbat eta bizkorrago iritsi zero isurietara eta zenbat eta gehiago murriztu isuriak ordurako, gutxiago berotuko da Lurra etorkizunean, eta horren eragina ere txikiagoa izango da. Horretarako, funtsezkoa da gure bizi- eta kontsumo-ohiturak aldatzea; hori da Ingurumen Hezkuntzaren helburu nagusia ikasgeletan.
Ikastetxeok gaur egungo larrialdi ekosozialaren inguruan hausnartzera eraman ditzakegu ikasleak; geroko ekintza ez dadila bihurtu aktibismo antzu, baizik eta portaerak eta bizimodua aldatzen lagun dezala.
Zure esperientzian oinarrituta, zer alderdi nagusi hartu behar ditugu kontuan dimentsio hori ikasgeletako hezkuntza-praktikan txertatzeko?
Garrantzitsua da Ingurumen Hezkuntza, bai Jasangarritasunerakoa, bai Ekosoziala, zeharkakoa ez izatea, baizik eta integrala (hau da, hezkuntza-aldi guztietako eskola-curriculumen parte izatea) eta erradikala (alegia, ikasgai eta modulu profesional guztietan lantzen diren konpetentzien erroen oinarrizko osagai izatea). Ez da eskolaz kanpoko hezkuntza, eta, ondorioz, ezin da utzi tutoretzetarako, edo zientzietako irakasgaietarako soilik. Horretarako, hezitzaileek jabetu behar dute beharrezkoa dela ikasleen artean irakaskuntza-ikaskuntza ekosozialeko benetako prozesu bat garatzea.
Halaber, uste dut hori guztia emozioan eta itxaropenean oinarrituta txertatu behar dela, enpatian eta gupidan oinarrituta, horrela baino ez baikara ohartuko zer-nolakoa den gaur egungo krisi globala, eta horrela baino ez baikara ahaleginduko ahal dugun heinean horri konponbidea ematen. Hunkitzea eta konprometitzea da helburua.
Nola atera diezaiokegu probetxu gazteek gai honen inguruan duten sentsibilitateari?
Haien energia eta sormena babes ditzakegu, haien antolatzeko eta jarduteko gaitasuna, eta hori guztia adinekoen jakinduriarekin konbinatu; horretarako, belaunaldiarteko jarduerak sustatu behar dira, haien ekintzak ez daitezen ezerezean geratu hausnarketa-faltagatik eta luzaroan iraun dezaten. Gazteen energia adinekoen erresilientziarekin konbinatuz gero, mugimendu iraunkor eta sendo bat sortuko litzateke: eredu ekonomiko kapitalista baten diskurtso hutsal kontsumistak gainditu ahal izango lituzke, eredu horrek edukitzearen bahi bihurtu baitu gazteekin erlazionatutako guztia, benetan bizitzeko izatearen beharraren aurrean.
Hitz egingo al zeniguke Egibiden martxan jarri duzuen ekimen zehatz bati buruz?
Egibidek urte asko daramatza LHko ingurumeneko ikasle boluntarioei laguntzen, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin Hezkuntza Ekosozialeko programak gara ditzaten, profesional trebe gisa prestatzen ari diren bitartean. Talde horiek ikasturteko 2030eko Eskola Agenda (lehen 2021eko Eskola Agenda) programari dagozkion ikasgelako jardueretako asko gauzatzen dituzte. Gainera, mugikortasun jasangarriari, klima-aldaketari eta 2030eko Agendari buruzko tailerrak egiten dituzte hiriko adinekoen zentroekin, Mugikortasunaren Europako Astean eta Hondakinen Prebentziokoan parte hartuta.
Halaber, Arabako Foru Aldundiarekin batera, “Ikusten duzuna baino gehiago dago” proiektua gauzatzen ari gara, hondakin gutxiago sortzeko. Haren harira, kontzientziazio-kanpaina bat jarri dugu abian dibertsitate funtzional intelektuala eta fisikoa dutenekin, LHko Gizarteratzeko eta Ingurumen Hezkuntza eta Kontroleko Zikloetako ikasleek lagunduta. Ikasle horiek eta dibertsitate funtzionala dutenek ez ezik, Publizitate eta Marketineko Zikloko ikasleek ere hartzen dute parte kanpainako materialak prestatzen, elkartasunaren eta erantzukidetasunaren eredugarri, inor atzean ez uzteko.