ALBOANen Gazte Sarearen II. Topaketa
Otsailaren 20tik 22ra, “Zein da mundua aldatzeko duzun arrazoia?” lemapean, ALBOANen gazte-sarea osatzen duten 120 gazte Lizarran elkartu ziren, ALBOANen Gatazkarik Gabeko Teknologia kanpainaren barruan izan dituzten esperientziak, jarduerak eta bizipenak partekatzeko. Gazte horiek aisialdiko taldeetakoak eta hezkuntza-zentroetako eta beste erakunde eta elkarte batzuetako boluntario-taldeetakoak dira. Hiru egun kanpainia landu ondoren udalerrian bertan kaleko ekintzak egiteko aukera izan zuten. Asteburu honetan Elkartasunaren Aldeko Irakasle Sareak elkartzeko parada aprobetxatu zuen.
Ostiralean, gazteak Lizarrara iritsi ziren eta ALBOANeko Martin Iriberriren eskutik topaketari hasiera eman zitzaion. | |
Larunbatean, Iván Benítezek hitzaldia eman zuen eta ondoren, elkar ezagutzen eta elkarlanean aritu ziren gazteak tailer ezberdinen bitartez. Gatazkarik Gabeko Teknologiaren gaia landu zuten Kongoko testigantza batekin. | |
Elkartasunaren Aldeko Irakasle Sareak goizean elkar ezagutzeko profitatu zuen. Taldeek egindako aktibitateak eta esperientziak elkarbanatu zituzten. | |
Eta “Zapalduaren antzerkia”-ren bitartez, hurrengo egunean kalean egingo zituzten ekintzak prestatzen aritu ziren. Gauean, berriz, gaubela dibertigarri bat egin zuten, mozorraturik eta abestiak asmatzen. | |
Igandean, asteburu osoan landutakoa kalera eraman zuten gazteek. Lizarrako kaleetatik barrena ibili ziren Gatazkarik Gabeko Teknologiaren aldeko kanpaina hedatzen. | |
Eta jendea animatzen plazara eta frontoira joan zedin, koreografia ikustera!! |
Asteburu borobila izan zen. Gazteek asko ikasi zuten topaketan eta ikasitakoa jendeari helarazi zioten. Eta… zein da zure ideia mundua aldatzeko?